Historia Laburra

NONDIK GATOZ?

IKASTOLAREN BILAKERA: 1966tik GAURDAINO

Oso sorrera bereziak izan dituzte ikastolek euskal lurralde batetik bestera, eta, lurralde berean, udalerri batetik bestera. Euskal gizartea aniztasunaren lekuko onak dira ikastolak, haien sorreran zein garapenean.

Gaur egun ikastola gisa ulertzen eta ezagutzen dugun fenomenoa 60ko hamarkadaren hasieran abiatu zen, gizarte-ekimenez, titularrak haurren gurasoak zirelarik eta irakasleek eta hainbat herritarrek lagunduta. Hor hasi zen ikastola giro urbanoan, kalean, herritarren gizarte-eskola bezala. Ikastolen sorrera, beraz, ez zen izan aurretik prestatutako plangintza edo diseinu baten emaitza; hautu pertsonal eta kolektibo baten ondorioa baizik. Euskaraz eta modu ezberdin batean hezitzeko nahiari erantzuten zion gurasoen hautu pertsonala.

1960-70 hamarkadak

1965an zehar Landaberri ikastolaren lehen hazia 'Gure Etxea' tabernan egin ziren bilerak ditugu. Lehenik galdera moduan eta gero kezka sortzen…zergatik ez Lasarten ikastola bat? Egoera ikusita, taldean biltzen zen German Rekondo prest agertu zen Lasarte-Urnietako Aizpurua etxean zuen pisu bat uzteko. Alegalitatearen urte haien barruan (baimen ofizialik eza, 1962-1969) etxe-eskolen ezkutuko jarduna izatetik, herritik eta herrirako sorturiko ikastola sortzeko grina piztu zen Lasarten.

1966-67 ikasturtean abiatu zen ikastola Andre Joakina-enea egoitzan. 1968an, Espainiako Gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen herrialde osoan, eta honek asko zaildu zituen legeztapenari buruz zeuden desadostasunak. Ataka zail horretan, Lasarteko elizarengana jo zuten babes eske. 1970an Escuela Parroquial Lander izenarekin lortuko zuen legalizazioa.

1969-70 ikasturterako eraikina txiki geratu zen eta herriko lokaletan zehar banatu zituzten haurrak: Uistin baserriaren kontra parrokiak zuen goi solairuan, Sasoeta auzoko Barbe etxean, libre geratutako farmazian eta Lasarteko mojek bere etxe ondoan zuten bi pisuko etxean.

1970eko Hezkuntza Legeak izugarrizko eraldaketa eragin zuen Hego Euskal Herriko ikastoletan. Ikastolek, ordura arte, erregimen klandestinoa zuten, apartekoa. Eta 1970eko legeak behartu zituen, finantzazioaren truke, bide bati hasiera ematea: OHO ezartzeari, alegia. Haur eskola hutsak ez izatea, bestela esanda. Lege honen harira, berandutxoago elizari lotuta izatetik kooperatiba bat izatera pasako da Landaberri.

Ondorioz, 1970eko legeak ikastolak zentratzea ekarri zuen. Gatazkak ahaztu eta legeak agindutakoa betetzeari ekin. Beraz, azpiegiturari dagokionez, ikastolek aldaketa izugarriak ezagutu zituzten. Landaberriren kasuan, 1972- 73ikasturtean Usurbilgo Kalexarrera mugitu zen. Berehala, Usurbilgo Luberri ikastolarekin bat egin (lehen bateratzea) eta bi ikastoletako gurasoekin elkarte berri bat sortu zuten (Landaberri Kooperatiba).

Aurreko urteetako egoera guztiak inbertsio handi bat egitera behartu zuen ikastola, eta negoziaketa askoren ostean, Zubietan lur sail batzuk eskuratu zituen. 1977ko urtarrilean sartu ziren haurrak ikastola berrian, egun LHko eraikina dena.

1980-90 hamarkadak

80ko hamarkada hartan aldaketa ugari eman ziren testuinguru soziopolitikoan. Espainiako trantsizio garaian, lurralde antolaketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa sortu eta ordura arte guztiz zentralizatuta zeuden hezkuntza arloko erabakiak, neurri batean, deszentralizatu ziren.

Egoera berri hark legislazio berria ere ekarri zuen: 1993an LOGSE indarrean jarri zutenean, ikasleek geroztik ez zuten derrigor 14 urte bitartean ikasi behar, 16 bitartean baizik. Horrek egitura aldaketa batzuk ekarri zituen Landaberri ikastolan.

1993ko maiatzean Euskal Eskola Publikoaren legeari buruzko hausnarketa etorri zen. Landaberri ikastolak sare publikoan sartzearen aldeko apustua egin zuen.1995-96an1 bigarren fusioa sinatuko zen. Honetan Garaikoetxea eta Usurbilgo Ageri-Alde ikastolak batu ziren Landaberrirekin. Honi esker, txikiak Garaikoetxea eraikinera eta handienak DBHkoak Landaberri BHI denera aldatu zituzten.

2016an, Landaberri ikastolak 50 urte bete zituen ospakizun berezien artean.

Bide luze eta malkartsuaren ondoren, egun, hezkuntza antolaketan derrigorrezkoak diren etapa guztiak hartzen ditu Landaberri Hezkuntza Proiektuak ikastola eta institutua elkartuz. Proiektu horren izaera bi oinarri nagusiren gainean ezartzen da: Euskara eta euskal kultura sustatzea, eta aniztasuna bermatzeko eta bultzatzeko apustua.